XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EZTABAIDAKA

EBANJELIZATZEKO PREMIARIK BA AL DUTE?

Kolonen garaian potentzia kolonizatzaileek hasitako ebanjelizazioa aurrera doa orain ere.

Afrikan, adibidez, egunero 5.000 kristau berri izaten direla uste da erlijio-aldaketaz eta beste 12.000 jaiotza-tasari esker.

Animismoan bizi diren 130 milioi indigena gero eta gutxiago dira.

Kopurua azkar murrizten ari da.

Ebanjelizatzaileak zoko ezkutuenetaraino sartzen dira eta beren jainko eta izpirituekin lasai bizi ziren herri indigenetako pentsamenduan eragina dute.

Ordurarte ezagutzen ez zituzten kontzeptu batzuk (errua, jatorrizko bekatua, etab.) erakutsi eta nahastu egiten dituzte.

Izan ere, animismoak sufrimenduaren bidez salbatu beharrik ez baitu irakasten.

Animismoak, gizakiaz gain animaliek eta gauzek ere arima dutela dio eta indigenen bizimodura edo naturarekin dituzten harremanetara bikain egokituta dago.

Herri bakoitzak bere kosmogonia du bizitzaren eta heriotzaren misterioari erantzuna emateko eta bakoitzak bere totemak eta tabuak ditu.

Batzuk kanguruaren ondorengoak dira eta beste batzuk ilargiaren edo eguzkiaren odolarenak.

Animismoko sinesteak baliagarriak dira, hau da, zerbaitetarako sinesten dute.

Birusak eta bakterioak zer diren ez dakite, baina horien ondorioak bai eta gaitzen errua taburen bat hausteari edo aztiak zein xamanak saihets dezakeen jainkoen zigorrari egozten diote.

Denek gurtzen dituzte arbasoak eta normalean hildakoek (bizi direnak baino ahaltsuagoak dira askotan) eguneroko bizimoduan eragina dutela uste dute.

Horregatik opari ederrak egiten dizkiete (ogiak, bananak, ardoa, arroza, tekila, etab.), beste mundutik babestuko dituztelakoan.

Nolanahi ere, gaur egun ia herri indigena guztiek jasan dute kanpoko eragina, eta sinkretismoa (ohizko sineskerak inportaturiko erlijioekin nahastea) nagusi da.